XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) asteazkenetan zinemara eta ostegunetan asteko parranda gogorrena egitera.

Egia esan, ostegunetakoa izaten zen ilusio gehien egiten zigun irteera.

Horregatik ez genuen inoiz ere hutsik egiten.

Ozpini ere esaten genion gurekin irteteko, baina alferrik izaten zen.

Gainerako egunetan noizean behin ateratzen zen, baina ostegunetan inola ere ez, zeren gau hartan diru asko gastatzen zela esaten zuen eta berak larunbateko herriko parrandarako gorde nahiago izaten zuen.

Inoiz kontatu zigun larunbatero zer egiten zuen: herriko koadrilarekin elkartu eta inguruko makrodiskoteka batera joan.

Hango giroan hobeto pasatzen omen zuen eta gainera ligatzea errazagoa omen zen gure ostegunetan baino.

Guk ezetz esaten genion, ostegunak askoz aproposagoak zirela horretarako, baina Ozpinek ez zuen amore ematen eta karrera osoan oso gutxitan irten zen gurekin kalera.

Egia esan behar bada, guk geuk ere ez genuen gehiegi sinesten esaten geniona.

Izan ere, ostegunetako irteeretan gure helburu nagusietako bat neska ederren batekin etxeratzea izaten zen, baina desastre hutsa ginen zeregin horretan.

Neska artean ibiltzen ginen beti, hori bai, eta barre asko egiten zuten gurekin, gehienbat Martin gatzdunaren dantzatzeko estiloari esker, baina azken orduan, zirt edo zart egin behar zenean, une klabeetan, jendea desagertzen hasten zen, asko eta asko bikoteka, eta gu hirurok beti ezer barik geratzen ginen.

Ostegunero amaiera berdintsua izaten genuen: taberna guztiak itxi ondoren hirurok aitzurtuta, etxerako bidean elkarri lepotik helduta eta kantatzen.

Era guztietako kantuak abesten genituen eta, egoera hura hainbeste aldiz errepikatu zenez, (...)